XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) honela esan zion honi: - Txabolako mugazainak jin balira, biok geratuko ginatekeen, eta zu libre, zubiko horrek ez baitzaitu ikusi.

Haxeroa kanta eta txantxa jarraitzen zen, esaten ziolarik Zangarini: - Hamasei amorante sei hilabetetan! Zer ez ote nuke emanen beste hainbeste ukaiteko!

Gau latzak emanen zizkizuten noski! Hala jinkoa! Baina hau bezalakorik ukan duka? Ez segur!

Horruntz eta haruntz eta haruntzagokoak izaten dituk, hire arrazako zenbat? Bat ere ez!

Isilune luze bat gertatu zen ondoren, eta zuberotarra bromeatzera ausartu zen: - Mozkorra pasatu zaizu ala beldurrak isildua zaude?

- Gizon buru arina! erantzun zuen haxeroak duintasunez, zeure buruarekin barre egin nahi baduzu, egin ezazu, haatik errespeta itzazu besteen aldi tristeak; zanpatzen dugun lurra zorigaiztokoa dut eta ez dakit kantatzen hildakoen belarritan heldu ziren gurutze baten aurrean txapela erantzi eta aitaren egin zuen; gero, goibel, harrigarrizko irudimenak izango bailituen: Zangarin, erran, ez duk ikusten gurutzearen ondoan... itzal bat... mamu bat?

- Ez diat mamurik ikusten... hi besterik.

- Hura bai guduka latza! Zamarik galdu bazen bidean, ez zuan nerea izan, badakik, Zangarin! Baina nere anaia... nere anaia... hil zidateken!- eta bi malko lodi irristatu zitzaizkion masailetan - Hil zidateken, baina aspertu nintzaien, Zangarin, hala behar baitzen!

Gero, txapela jarrita jarraitu zuen bidea, besteak gibeletik.

Baso batean sartu ziren laster, eta iluntasun hartan zuberotarrak deusik ikusten ez zuen arren, haxeroa eta Zangarinek urrunera begiratzen zuten eta noizean behin elkarri; halako batean, Zangarinek, ulertu baitzuen haxeroaren begirada adierazkorra, erantzun zion: - Bai mugazaina duk - eta zegoen tokian gelditu zen zuberotarrarekin, haxeroa urrats luzetan aurreratzen zelarik; handik gutxira danbada bat entzun zen eta gero lasaitasuna, haxeroa agertzen zela ikusi zutenean.

- Mugazaina ez, soldadua zuan, zena zela horrek ez ziguk pasaporterik galdatuko!- eta berriz ere gora abiatu zen; (...).